Komunismo banatua: Egitura (2/3)
Testuingurua ezagututa eta produkzio modu berria eta komunak erdigunean kokatuta, beste galdera pare bati erantzun behar diogu. Klase borrokaren testuinguru historikoa kontutan hartuta, zein izango dira talka suposatu dezaketen kontradikzio nagusiak eta zein subjektua?
Kontradikzio nagusiak:
Ikusi dugun bezala finantzarizazioak eramanda ekonomia finantzarioaren munduan transatlantiko handiak dabiltza. Hauek estatua era batera edo bestera kontrolatzen saiatzen dira, bere begiko diren pertsona eta instituzioak erabiliz, kapital akumulazio prozesuan beren interesak defendatzeko demokrazia burgesa bera eta honek ekarritako askatasunak deuseztatu behar badira ere. Aitzakiak mila dira, beraientzako garestiak dira ez termino ekonomikoetan bakarrik baizik eta beraien mugimenduentzako oztopo direlako.
Hori lortzen badute ere transatlantiko horiek dirua pilatzen jarraitu nahiko dute. Kasu horretan egoera ezberdinak gertatu daitezke:
- Finantza munduaren kolapsoa edo Islandiako kasuak ematen badira finantza transatlantiko hauen desagerpena eta krisi aurreko antzeko egoeratara buelta.
- Burbuila berri baten (edo gerraren) bidez mozkin berri eta azkarrak lortzeko saiakerak, arazoak larrituz.
- Edo dirua ekonomia errealera bueltatzea eta epe laburreko mozkinei (eta etorkizunekoei beharbada) uko egitea.
Lehenengo aukerak zaila dirudi, ez ezinezkoa, baina horretara iritsi aurretik bigarren aukera probatuko dute. Bigarren aukera posibleen artean dago, dudarik ez izan egin dezaketela, barbariea ez zaie arrotza. Aldiz hirugarren aukera, positiboena litzatekeena, lehen fasearekin bat etorri daitekeena oso zaila izango da inorrek horretara behartzen ez baditu.
Edozein kasutan gaudela ere talka argia izango da. Komunen defentsan oinarritutako ekonomia batean sinisten dutenen eta botere politiko-ekonomikoa edo hauetatik eratorritako errenta artifizialak sustatu nahi dituztenen artean. Zer egingo dute bigarren hauek sortzen ari den produkzio modu berri baten aurka?
Argi dago eredua erasotu egingo dutela eta jada horren aztarnak ikusten ditugu. Internetek ematen duen komunikaziorako ahalmena gure gizartean eraldaketa posibleago egiten duen tresna izaki etengabeko kontrol neurriak eta erasoak jasaten ari da. Neutraltasunaren amaitzeko saiakerak eta legediak etengabekoak dira. Horren aitzakia moduan errenta artifizialak eta eskasian oinarritutako jabetza intelektualaren eredua erabiltzen delarik. Kontrol neurri horiek jadanik Interneten ematen den oparotasunaren ekonomia kontrolatzea bilatzen dute. Jende guztiak ulertzen du lehen ez bezala, abesti bat beste bati kopiatzen diodanean biek abesti bera entzun dezakegula.
Horren aurrean, sarean ere eraso horiei aurre egiteko bideak asmatu dituzte. Horien artean garrantzitsuena p2p fitxategi elkartrukea. p2p fitxategi elkartrukearen bidez ez da zerbitzaririk behar. Bakoitzak duen biltegiratze gaitasuna eta Internetek ematen duen komunikatzeko aukerari esker fitxategiak zuzenean elkartrukatzeko aukera dugu.
Eraso eta kontraeraso hauek teknologiaren alorrean eman badira ere, etorriko diren erasoen aztarnak dira. Klase kapitalista eta finantzarioa, ekonomia produktiboarekin harremanik ez duena eta errenta artifizialez elikatzen dena ez dago geldirik. Hala ere, sistemaren baitan erantzuteko aukera dago, beti ere sare banatuen filosofia horrek erakusten dizkigun aztarnetatik.
Honen aurrean ekonomiaren alorrean produkzio modu berri bat eraikitzen hasi behar dugu. Software libreak bere arloan demostratu duen bezala sistemaren barnetik ere eraikitzen has daitekeen eredua izan daiteke, hobeagoa dela demostratzen badu. Horretarako komunak oinarrian jarrita etengabeko hobekuntza batean eta oparotasun logika batean oinarritu beharko den modeloa izango da. Hastapenetan sistemaren baitan dauden egiturak, kooperatibak adibidez baliatuz espazio ekonomiko bat eraikitzeko gai izan behar dugu. Erasoak egon daitezke, baina lehen fasean konfrontazio zuzenik ez da gertatutako baldin eta ereduak funtzionatzen badu.
Trabak ere egon egongo dira. Ekonomia alternatibo bat eraikitzen hasten zaren momentutik erasoak etengabekoak izango dira, sostengua ematen dizuten enpresa ereduen aurka, legedi babestaileen aurka, moneta ezberdina erabiliz gero horren aurka…
Botere ekonomikoen finantziaziorik behar ez izatea gure tresna garrantzitsuenetakoa izan daiteke. Proiektu txikientzako nahikoak izan daitezke crowfunding (auzo laguntza) eta crowdlending (auzo finantziazioa). Bigarrenaren kasuan konfiantza arazoak egon daitezkeen kasuetan eta proiektu handietarako beharrezko izango dira Banku publikoak eta gure meta-komunitatearekin bat datozen Banku etikoen laguntza eta sostengua. Beraien finantza eredutik at egotea eta gure meta-komunitatean ematen den sostengua dira giltzak.
Subjetua:
Subjektu politikoaren eztabaida ere hor dago eta ez da erantzun erraza duen zerbait. Argi dago komunen defentsan oinarritutako ekonomia batean sinisten dutenen eta botere politiko-ekonomikoa edo hauetatik eratorritako errenta artifizialak sustatu nahi dituztenen artean klase kontradikzio argiak izango direla. Bi talde hauen artean klase interes kontrajarriak egongo dira.
Beraz ikuspuntu marxista batetik mugimendua nahita nahi ez interklasista izango da bere hastapenetan. Jendartearen sektore batzuk produkzio modu berrira transformazio fasean klase ezberdinetako jendea egongo da. Baina aurrera jo hala, beste egoera askotan gertatu bezala interes kontrajarriak baino bateraezinak diren beste batzuk ager daitezke. Horregatik hasieratik ezker-eskuin dikotomiarekin bat ez datozen elementuak izango dira. Ez batzuek pentsarazi nahi diguten moduan “ez dago jada ezker-eskuin”, baizik eta hastapenetan aurretik aipatutako klase zapaltzailea eta beste guztien arteko aldea handia delako.
Aurrerago interes kontrajarriak baino, bateraezinak dituzten bi talde sor daitezke. Alde batetik lehen fasea amaitu ez, baina aurreko ereduari zenbait ukitu eginez komunen inguruko diskurtso estetikoak, okurrentzietan oinarritutako ekimenak, komun faltsu batzuetan sinisten dutenak agertuko dira. Horiek guztiek ez dute langileek produkzio baliabideen jabetzarik izatea nahi, komunak oinarri dituen produkzio modu berria sustatu nahi. Horien helburua aurreko mendeetan klase ertainak betetako tartea betetzea da, alegia, sistema berri baten aukerak murriztu eta eraberritutako sistema kapitalista batean errenta berriak kaptatu nahiko dituztenak dira.
Aurreko klaseekin korrelazio zuzena ezin bada egin ere, horrelako zerbait izan liteke:
Klase zentralizatzailea: Aurreko botere politiko-ekonomikoa edo hauetatik eratorritako errenta artifizialak pilatzen jarraitu nahi dutenak.
- Botere banatuan baino, botere zentralizatuen aldeko apustua egiten dute horiek kaptatzeko erraztasun handiagoa eskaintzen dietelako.
- Komunen aldeko apustuaren aurrean jabetza intelektualaren kontrola ahalbidetzen duten neurrien aldekoak.
- Neoliberalak, enpresari handi, estatu aparatuetako politikariak…
- Botere deszentralizatuetan sinisten dute batez ere. Aurreko egitura demokratikoak eraldatzeko prest, baina beti ere errepresentatibitatearen ikuspuntu hertsi batekin. Helburua deszentralizatuagoak badira ere beraiek gidatzea izango da.
- Komunen defentsa utilitarioa (komunak erabili), estetikoa (komunen defentsa estetikoa) edo faltsua (jende askori iristen zaion ezagutza sustatu, baina librea ez dena ) egin dezakete.
- Zenbait liberal, produkzio modu berrian sinisten ez duten enpresari ertain eta txikiak, produkzio modu berriaren bidean egindako aldaketekin nahiko dutela iruditzen zaien pertsonak (asko aurreko klase ertainetakoak izan daitezke).
Klase banatua: Sistemaren eraldaketa oso bat burutu nahi dutenak. Produkzio baliabideen jabetza eskuratzeko eta herri-lurren inguruan produkzio modu berria sustatu nahi dutenak.
- Botere banatuan sinisten dute batez ere, beste botere motei uko egin gabe (zentralizazioa eta deszentralizazioa kasu askotan baliagarriak izan daitezke). Filtro beharrezko ez izatea da hauen helburua. Filtro edo bitartekari izatekotan balio bat ematen dutelako edo meritokraziagatik izango da.
- Komunen defentsa etorkizunaren defentsa bezala ikusten dute. Bere etorkizuna horiei lotzen diote, bakoitzak horretara egiten duen ekarpena da bere balore sisteman garrantzitsuena.
- Produkzio modu berriaren parte diren edo izan nahi duten klase ertainetako langileak, soldatapeko langile, langile kooperatibista, enpresari, langabetu…
——
Informazio gehiago Komunismo banatuari buruz:
Teknologien erabilera udaletako parte-hartzea sustatzeko





Mila esker!
Gratios fra!